Yayak beti kontatzen zituen ipuinak. Batez ere
igande arratsaldeetan. Kafea prestatzen zuen eta kontu-kontari hasten zen.
Behin batean, zazpi edo zortzi urte izango nituen, hauxe galdetu nion: “Yaya,
zuk zertarako kontatzen dituzu ipuinak?” Yayak erantzun zidan: “Nik mundua
aldatzeko kontatzen ditut ipuinak, maitea”. Nere begietara yaya boteretsua zen
baina erantzun hori entzun eta gero askoz ere boteretsuagoa zen.
Yayak jarraitu zuen kontatzen eta urteak pasa
ziren. Hamasei urte nituen eta amona bisitatzera joan nintzen. Arratsaldean,
kafea prestatu ondoren, bere aulkian eserita, kontu-kontari hasi zen lehengusu
txikientzat. Nik berriz galdetu nion: “Yaya, zertarako kontatzen duzu?” Eta
yayak: “Ai, bihotza, mundua asko aldatzen ari da, orain dena azkarregi doa.
Mundua alda ez dadin kontatzen dut”. Eta kontatzen jarraitu zuen.
Aurreko egunean amak deitu zidan esateko yaya oso
gaixorik zegoela eta agurtzera joateko, badaezpada. Joan nintzen yayarengana.
Ohean zegoen, bakar bakarrik baina kontatzen, hutsean kontatzen. Orduan, heldu
nion eskutik eta berriz ere galdetu nion: “Yaya, zertarako kontatzen duzu?”
Begi lausotuetatik begiratu ninduen eta hauxe erantzun zidan: “Munduak alda ez
nazan kontatzen ditut ipuinak, maitea, kaferik nahi?”
Gaur goizean yaya hil zaigu eta nik lerro hauek
idatzi dizkiot. Arratsalde honetan, bere ehorzketan, ni neu naukazue,
kontu-kontari. Mundua aldatzeko? Mundua alda ez dadin? Munduak alda ez nazan?
Yaya gogoratzeko? Yaya ez ahazteko? Auskalo!