viernes, 31 de mayo de 2013

Yayari


Yayak beti kontatzen zituen ipuinak. Batez ere igande arratsaldeetan. Kafea prestatzen zuen eta kontu-kontari hasten zen. Behin batean, zazpi edo zortzi urte izango nituen, hauxe galdetu nion: “Yaya, zuk zertarako kontatzen dituzu ipuinak?” Yayak erantzun zidan: “Nik mundua aldatzeko kontatzen ditut ipuinak, maitea”. Nere begietara yaya boteretsua zen baina erantzun hori entzun eta gero askoz ere boteretsuagoa zen.

Yayak jarraitu zuen kontatzen eta urteak pasa ziren. Hamasei urte nituen eta amona bisitatzera joan nintzen. Arratsaldean, kafea prestatu ondoren, bere aulkian eserita, kontu-kontari hasi zen lehengusu txikientzat. Nik berriz galdetu nion: “Yaya, zertarako kontatzen duzu?” Eta yayak: “Ai, bihotza, mundua asko aldatzen ari da, orain dena azkarregi doa. Mundua alda ez dadin kontatzen dut”. Eta kontatzen jarraitu zuen.

Aurreko egunean amak deitu zidan esateko yaya oso gaixorik zegoela eta agurtzera joateko, badaezpada. Joan nintzen yayarengana. Ohean zegoen, bakar bakarrik baina kontatzen, hutsean kontatzen. Orduan, heldu nion eskutik eta berriz ere galdetu nion: “Yaya, zertarako kontatzen duzu?” Begi lausotuetatik begiratu ninduen eta hauxe erantzun zidan: “Munduak alda ez nazan kontatzen ditut ipuinak, maitea, kaferik nahi?”


Gaur goizean yaya hil zaigu eta nik lerro hauek idatzi dizkiot. Arratsalde honetan, bere ehorzketan, ni neu naukazue, kontu-kontari. Mundua aldatzeko? Mundua alda ez dadin? Munduak alda ez nazan? Yaya gogoratzeko? Yaya ez ahazteko? Auskalo!